Haurren Partaidetzari buruzko materialak errepasatzen ari gara eta zenbait ideia txiki etorri zaizkigu:
Haurrak pertsona direla, pertsona oso-osoak, presente daudenak, onartutako ideia da honez gero. Baina honek zer esan nahi duen, edo egunerokoan dauzkan ondorioei buruz ez gara ados jartzen. Gobernutza esparruan (norberaren gobernua eta guztion gobernua) gutako gehienok ahaztu egiten dugu ordea, eta harreman eta egiturak (eraikin, material, jarduerak…) eraikitzerakoan umeak erdizkako pertsonak diren ideia-ohitura horren gainean egiten ditugu: osatu gabeko pertsonak, identitatebakoak, gaitasunbakoak… animaliatxo atseginak batzuetan eta nekagarriak beste batzuetan, taxutu behar ditugunak eta adina nagusira heldu bitartean gurekiko mendekotasuna dutenak.
Ariketa moduan gure bizitza osotasunez eta orainaldi ideiez blai irudikatzen badugu, badirudi euren bizitzaren gobernuan ohostutako espazio hori itzuli egin behar diegula, baina ez hori bakarrik, gure taldetasunaren gobernu eran ezarrita dauden nagusi-begiradaren mugak urratzen lagundu ahal digute ere.
(Beharbada, pertsona nagusiok geure buruak gaitzat eta elkarren menpekoak ikusten lagundu ahal digute ere, baina ez dugu hemen hortik joko)
Horrela laburtu genezake: Haurrek…
1.- Eskubidea dute. 1989ko Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren eta hortik aurrera ezarritako legeen arabera, haurrek, legearen arabera, hezi eta babestu beharreko pertsonak izateari utzi eta eskubide osoko pertsonak izatera pasa dira. Edozein pertsonak bezala eskubidea dute, adibidez, eurei eragiten dien horretan erabakitzeko ahalmena izateko. Baina oroz gain beren beharrizan, iritzi eta ideiek lehentasuna dute, adin txikikoaren interes handiagoaren printzipioaren arabera. (Jakina, paternalismoak erakusten digun “zure onerako” praktikan sartuz gero lehen bezala gaude!)
2.- Gai dira. Pertsonak, txiki eta nagusiak, gaitasun handiko izaki sortzaileak gara. Ez gara gai izango agian 3 metroko hesi baten gainetik jauzi egiteko, edo inprimagailu bat konpontzeko, baina bai orohar gogoa eta beharra dugun hura egiteko gai. Begien bistako ideia hau oinarri integratzaile izan liteke gure funtzioak zehazteko orduan edo harreman-ikasketa espazioak diseinatzerakoan. Norberak bakarrik daki zer desiatzen edo behar dugun. Beste guztia, erabakitzeko boterea daukanaren aurrikuspenak edo proiekzioak dira. Bost urteko haur batek irakurtzen jakin beharra dauka? Zortzi urteko mutiko batek asteartean ikasi nahi al du plintoa saltatzen? 12 urteko neska batek 16 eduki arte itxaron behar du enpresa egitasmo bat aurrera ateratzeko?
3.- Behar dugu. Argi dago gaur egun daukagun hiri eredua ez zaigula baliagarri. Baita, gure erabakiek huts egin dutela hainbat zentzutan. Hiriak ezerosoak dira hiritarren gehiengoarentzat. Bakarrik eta abandonatuak sentitzen gara. Beste norbaiten esku utzi ditugu gure osasuna, gura konfliktoak, gure hezkuntza-ardura, …gobernua. Eta iparra galdu dugu. Gure egiteko-modu-heldua ez da osasungarria ezta demokratikoa ere, ez jasangarria, ezta berritzailea ere. Haurren begirada, ezberdinaren begirada eta egikera, ikasten ari denarena, modu ezberdin batetan egin eta izateko aukera dira. Ez dugu ezer galtzen.
Hau irakutzean sortu diren aitzakiek, pertsonen desio eta gaitasunekiko mesfidantza-logika batetik sortzen dira. Eta gu ziur gaude denok (haur eta nagusi) besteekin batera hazi eta izan nahi dugula.
Baina, nola eskatu ahal diegu umeei politikoki parte hartzeko ez baldin badute egunerokoan janzten duten arropa erabakitzerik? Nola jarriko diziegu bizkar gainean tokiko aurrekontu batzuei buruzko erabakiak, egunoerokoan zer ikasi nahi duten erabakitzerik ez baldin badute?
Haur-legeak zehatz-mehatz betearaztera jarriko bagina, lehendabizi jaiotzarekin eta osasunarekin dauzkagun harremanak birpentsatu behar genituzke. Gero, antolatzen jarrita, familia harremanak eta etxeko bizimoduari dagozkion horiek errebisio handi bat pasa behar lukete: jaten dutena eta ez dutena, janzten dituzten arropak, ile orrazkerak, edota egunero edo astean behin dutxatzen ote diren. Ikastetxeak berreraiki beharko genituzke: estresik gabe eta kariñoz (Leioako Umeen Kontseilutik eskatu bezala); kurrikulumik gabe, denok ezberdinak baikara… zertarako denontzako plan berbera eta bakarra?; pareta gutxiagorekin, adina mugarik gabeko harremanak eraiki ahal izateko… Eta handik gutxira kaleetan zer egin pentsatu beharko genuen, bertan egongo bailirateke, egun osoan gurekin batera bizitzen.
Eta, jakina, bizitzaren birkonfigurazio txiki honek beste zenbait kontu agerian jarriko lituzke, eskubideak barne. Adibidez, umeen lehen urteetan horien ondoan egongo diren pertsonentzako gizarte eta ekonomia sostengua.
Beraz, ez da bozke emate kontu hutsa, baina beharbada baita ere. Umeentzako lekua errebindikatzen duen komunitate honen deriba posibleak asmatzen goaz. Niretzako lekua ere erreibindikatzen baitu, ezberdina naizen heinean. Baita, halaber, indiferentziarako eskubidea ere, tokatzen zaizkidan kategorizazioez haratagoko leku horretan…