Hik Hasik antolatutako jardunaldietan parte hartu genuen maiatzaren 11an eta hauxe da Leioako komunitate proiektua zer da, zelan eiten dugu, non hasi ta non dagoen kontatzeko edo, aurkezpen hartarako prestatu genuen idatzia (27. monografikoan agertzen da “Herri Hezitzailea eta Eskola Herritarra“).
Istorioa, kontatzeko modua, ikuspuntua eta hitzak gureak dira, gurea sentitzen baitugu proiektua. Baina Leioako komunitatearekin dugun “zaintza partekatua” dala jakinda idatzi dugu, komunean ditugun hitzak aurkitu nahian.
HERRIGUNE LEIOA. IKAS KOMUNITATEA ETA HEZIKETAREN ERANTZUKIZUNA.
Haur txiki bati ibiltzen erakutsi ahal zaio ala ikasten duen bitartean lagundu. Bi urte baino lehenago denak ibiliko dira, baina ezberdintasunak egongo dira, ez agerikoak baina bai sakonak.
Herrigune Leioaren Komunitate proiektua da. 2001ean hasitako proiektua bere hazkunde eredu propioari jarraiki garatzen ari da, bestelako esperientziez kutsatuz, eta Ikas Komunitate Hezitzaile bilakatuz.
Izan ere, proiektu honen Deribak, Haurren Hiritik abiatuta, Ikas Komunitatearen lurraldetara ekarri gaitu. Haurren eskubidezko herritartasunaren aitorpenetik komunitatearen onarpenera, hazkuntzarako potentzial osoa eskaintzen duen ingurune natural gisan. Hezkuntzaren ardura komunitariora eta ikasteko ardura pertsonalera; hazkuntza pertsonaletik komunitariora; bakar batzuen garapenetik Guztien Ongira.
Herrigune Leioa proiektuak Espazio Komuna bilatzen du, kolektiboa, pertsona guztiek ikasi ahal izateko lekurik aproposena delakoan.
Haurrak aintzat hartzea: puzgarrietatik esanahiera.
Herrigune Leioa 2000. urtean hasi zen, Bixente Barreiro orduko Hezkuntza Zinegotziak Solasguneko lantaldeari haurrentzako zenbait jarduera garatzeko eskatu zigunean, Leioako elizatearen jaiotzaren 475. urteurrena ospatzeko.
2001eko Urriaren 31n Leioa eta Erandio banatu zirenekoa ospatzekoa zen, eta egun horretarako lehendabiziko proposamena “haurrentzako festa bat burutzea” zen: “puzgarri batzuk, margo lehiaketa bat eta Athleticeko jokalari baten bisitaldia”.
Solasgunetar asko Heziketa Sortzailetik gentozen. Horrek esan nahi du, alde batetik, zaila zaigula margotzeko ekintza gutxiesten duten jardueratan parte hartzea. Margotzeko baldintza aproposenak zein diren jakinda, jolas hori errespetatzen ez duen edozein jarduera sakrilegio antzeko bat iruditzen zitzaigun (zaigu). Bestetik, esan nahi du ere oso gogoan genuela ekintza gozagarri eta inklusibo batek konpetizio eta konparaketa mekanismoetatik urruti egon behar zuela. Beraz lehiaketa oro ahaztu.
Puzgarriak kentzea erraza izan zen: itxoiten ikasteaz haratago ez genuen bertan ezer ikasteko inolako aukerarik topatzen, ezta Udalarekin inongo harremanik zutenik ere. Athleticeko jokalariaz ahaztea ere ez zen erabaki zaila izan: deigarri hutsa zen eta ez genuen halakorik behar.
Hau azaltzerakoan Bixenteren galdera, jakina: Eta orduan zer egingo dugu?
Bada, “Leioak Altxor bat dauka” lemapean hainbat ekintza ezberdin burutu ziren komunitatea eta haurren arteko loturak sortzeko asmoz, eta ospakizunak guztiontzako “esanahi bat” izan zezan.
Ia urtebetez, adibidez, Udalaren sail teknikoetako teknikariek Leioako 5 ikastetxe publikoetako haurrekin postazko harremana izan zuten. Teknikarien zereginak ezagutzeko modu bat zen, eta bide batez haurren eta Udalaren arteko elkarrizketa abian jarri zen. Jakin nahi zuten zer egiten den bertan, nork egiten duen, zergatik, nola eragiten didan horrek, zer egin dezakedan nik…
Euren gogoeta eta esperientziak partekatu zituzten aiton-amonek ere parte hartu zuten ekintza hauetan. Edota dendatako erakusleihoetan Leioako umeen milaka argazki jarri ziren, Leioaren Altxorraren ideia hori nolabait ere gorpuztuz…
Haurrekiko zaintza eta inplikazio akordio hau gauzatzeko asmoz, arduradun politikoek urriak 31 aurreko astean konpromezu bat sinatu zuten.
Urriaren 31n, ospakizunaren egunean, altzairu eta hormigoi kutxa handi bat lurperatu zuten Udaletxe ondoan, eta kutxa horren barruan 2500 kutxa zeuden. Herriko 2500 haurrek, bakoitzak bere kutxan, eurentzako garrantzitsuak ziren objetu eta eskutitzak sartu zituzten eta, Udal osoak sinatutako hitzarmenaren arabera, kutxa handi hori altxor bat bezala gordeta dago lurpean Leioak bere 500. urteurrena ospatzen duen egunera arte. Egun horretan altxorra lurpetik atera eta pertsona hauei bakoitzari bere kutxa itzuliko zaizkie.
Akordio eta ekintza sinboliko honek luzaroan esanahi sakona eta berezia hartu du Leioako komunitatearentzat.
“Leioak altxor bat dauka, gaur eta bihar Jolasteko Herri bat”
Une hartan inork ez zeukan asmo handinahirik, inork ez zeukan ospakizun hartatik aurrera haurrekiko edo komunitatearekiko inolako politika berezirik burutzeko asmorik. Batzuetan, ikasketa prozesuetan bezala, aldez aurretik aztertu eta planeatutako erabakiak bezain garrantzitsu dira ezusteak edo istripuak. Eta emandako urrats horrek unean-unean baino gehiago suposa dezake denborak aurrera ahala.
Komunitatea haurrentzat berreskuratuz: Autonomia, konfidantza eta Komunitatea.
Altxorra lurperatu ostean, eta Leioako hezkuntza komunitatea osatzen genuenon artean sorrarazi ziren energia eta harremanek bultzatuta, Haurrentzako Komunitatearen ideia lantzen jarraitu genuen. Hezkuntza komunitate horren baitan gurekin batera ziren, besteak beste, ikastetxeak, gurasoen elkarteak, udal teknikari eta zinegotziak, merkatariak, herriko elkarteak…
Haurrak abiapuntu izan genituen euren eskubideak aitortu nahi genizkielako, adibidez komunitate bizitzan daukaten Partaidetzarako gaitasuna.
Haurrek komunitatearen beharra baitute hazi ahal izateko: Eskaintzen dizkien aniztasunaren baitako ikas-esperientziak, pertsona helduen munduarekin harreman zintzo egunerokoak izan…
Eskolan itxita, haurrek ez dute komunitate bizimoduan parte hartzen. Euren oinarrizko eskubideak urratzen dira eta euren ikasteko baldintzak pobretzen dira. Hala, eskolak eskaintzen dituen aukera, baliabide eta heziketa-baldintzak aberastea helburu, hiruzpalau urtez hainbat proiektu eta ekintza diseinatu genituen haientzako, baita familia eta ikastetxeentzako ere.
Leioa 2003 Ikuspuntu proiektuak haurrek hiriari buruz, espazio fisikoa eta harremanei buruz, duten ikuspegia ezagutzeko jarri ziren martxan. Horrekin batera Leioa eta Dominikar Errepublikako Pedro Brand ikastetxearen arteko senidetzea ere izan zen, “haurrek autokudeatutako” proiektu bat, ikastetxeak, adin ezberdinetako haurrak eta familiak elkarlanean jarri zituena helburu komun baten bila.
Haurrak Komunitatearentzat: Leioarako ez hain txikiak, GenerAcción!
2004ean Leioarako ez hain txikiak, GenerAcción! kanpaina diseinatu genuenean ez genekien norabide berri batetan genbiltzala bagenekienik. “Haurrak Komunitatearentzako Berreskuratzeaz” berbetan hasi ginen. Zeren haur baten garapenerako “komunitarioa” galtzea kaltegarria izan daitekeen moduan, komunitatea haurrez gabetzea berdin-berdin da pobre eta begirunegabea, adimen gutxikoa eta arduragabea talde-hazkunderako. Elementu disruptiboa, elkartzailea, konexio-motorra baita haurra. Guztionak diren beharrizan oinarrizkoen adierazle, ezberdintasuna onartu beharraren adierazle.
Ekintzen ardatza eskolatatik urrundu genuen, nahiz oso ondo ez jakin zergatik. Edozein kasutan eskolak eskertu egin zuen, eta komunitateko beste batzuek eskatzen ari ziren, hala nola Behargintza edo pertsona nagusiek.
Partaidetza, Autonomia, Iraunkortasuna eta Komunitate-Esperientziak landu genituen hainbat proiektu ezberdinen bitartez: Oinbusa, Eskolara Oinez, Zilborhestea-Haurrak Laguntzeko Sarea, Umeen Kontseilua, Elkar Hazi, Ekotaldea (ekintzak diseinatu eta garatzen dituen gazte taldea), Kutxatu Leioa (espazio publikoa jolasteko okupatzea), Familiarteko Kanpaketa, Kontsumo Iraunkorraren Azoka… eta beste batzuk.
2003an egin genuen topo Francesco Tonucci eta La Città dei Bambini proiektuarekin eta biziki gustatu zitzaigun. Francescok haurrei eta hiriari buruz hitzegiten zuen, politika egiteari buruz, haurrengandik ikasteaz. Hura irakurri edo aditzen genuenean, bere hitzetan haurren eskubideen defentsa argia egon arren, pertsona helduekiko pena sentimendu bat antzematen genion. Haurren indar eta gaitasunak babestu beharra dago, bai, baina guzti honetatik okerren ateratzen direnak gizaki helduak dira, gara. Haurrei aditzeak eskaintzen duen aberastasun izugarria galtzen ei dugu, eta haurrik gabe eraikitzen ahal dugun bizimodua urria, ahula eta aspergarria da.
La Città dei Bambini proiektu soila da, komunitateentzako kitzikagarria, eta aukera handia eskaini dezakeena ikasi eta aldatzeko, begien bistan jartzen baititu, alde batetik, denok daukagun Autonomiaz bizitzeko beharra eta, bestetik, gure ezberdintasunak “Umetasun” parametro horren arabera adierazteko beharra.
Jakinmin aseezin hori edota aurkitzeko, izkutatzeko, zuhaitz batean gora egiteko, adierazteko, parte hartzeko premia horiek haurrengan aurkitu eta aitortzea erraza da horretan aritzen garenontzat. Baina ahaztu egiten zaigu haurrei buruz ari garenean gutaz ere ari garela, pertsona helduetaz.
Eta guri ere kosta egin zitzaigun horretaz ohartzea, behin eta berriro esan eta esan ari ginen arren: Nik, pertsona heldua naizen honek, etengabe ikasteko behar eta gaitasuna daukat, eta jolasteko eta beste pertsonen arteko aniztasunean nere ezberdintasunarekin aurkitzeko beharra daukat. Naizena adierazi beharra daukat eta komunitatearekiko daukadan harremanaren mugak aurkitu, talde-hazkuntzari nere aberastasuna ekartzeko, beti ere horrek nere beharrizanen asetzea kaltetu gabe.
Garai hartan Benaver-go Foroan parte hartzen genuen. Antolakuntzei buruz eta enpresa eta sindikatuek pertsonei eskaintzen dizkieten hazteko aukerei buruz gogoeta egitera elkartzen ginen profesionalen taldea zen. Guk zortzi urte generamatzan jada Konfigurazio-Jolas tailerrak egiten eta intuizio hau genuen: haur talde batetan talde-proiektua garatzea eta aldi berean bakoitzaren deriba pertsonalak garatzea bateragarriak baldin badira, hau bera gerta litekeela edozein komunitatetan (baita enpresa batetan ere) baldin eta egiturak baldintza egokiak eskaintzen baditu. Eta hor zegoen Irizar-en kasua, eta Alfonso Vázquezek eta Koldo Saratxagak esaten ziguten baietz, baietz.
Eta jolas tailerrean posible bazen, eta enpresa batetan posible bazen, horrek esan nahi zuen komunitate baten neurrian planteatzea ez zela pitokeria handi bat.
Komunitatea izaki biziduna da, euren gaitasun, desio eta beharrizanen arabera garatzen diren barne-egitasmoak dituzten pertsonek osatzen duten izaki biziduna. Espazio komunean pertsona bakoitzaren barne-egitasmo hauen garatzea lagunduko duten baldintzak baldin badaude, horrek, halaber, talde-hazkunde deriba baten baitan pertsona guztiek bat egitea ahalbidetzen du.
Eta Herrigunek, Leioako Komunitateak, ikasteko baldintza egoki horiek eskaintzeko ardura eta beharra hartu zuen nolabait, ez haurrei bakarrik eskaintzeko, gure komunitatea osatzen duten pertsona guztiei baizik. Politizatu gabeko proiektu politikoa, hezkuntza eta gizarte proiektua, komunitate proiektua eraikiz.
Komunitateak Hezkuntza-Ingurune aproposa izateko ardura dauka, eta ikasteko baldintza egokiak eskaintzekoa. Gutako bakoitzak, baldintza horien barruan eta nor bere autonomiaz baliatuta, gure ikasketen ardura askatasunez har dezagun.
Horretan gaude. Ari gara. Haurrentzako proiektua izaten hasi zena gaur egun Komunitate proiektua da; Ikas Komunitate Hezitzaile proiektu bat, hezkuntza eta ikasketa prozesuak komunitate-identitatearen ardatz garrantzitsu izatea nahi duena, hiria hala eraikiz, loturak eta gizarte-kapitala sortuz.
Nola sortuko ditugu ikasteko espazioak hirian? Nola egingo dugu pertsona helduen jolasteko gaitasuna berreskuratzeko? Nola egingo dugu ikasteko eta partekatzeko beharrizana guztioi dagokigun zerbait dela gogorarazteko? Edo gure hazkunde kolektiboa talde egitasmoaren barruan gutako bakoitzak bere hazteko aukera aurkitze horren menpean dagoela gogorarazteko?
Umetasuna dugu parametro eta Jolasa dugu estrategia. Nolakotasuna.
Ikasketa ingurune inklusibo batek bertan bizi diren pertsonen aniztasuna onartu behar du eta, beraz, guztientzako baliagarri diren baldintzak eskaini behar ditu; edozein pertsona bere ikasbideez jabetu ahal izan dadin eta prozesu komunetan bere neurri eta moduan parte hartu ahal izan dezan.
Umetasuna parametro eta Jolasa ikasketa eredu fisiologiko unibertsal gisan: Bi hauek erabiltzen ditugu guztiok taxutzen gaituen ezaugarria bistatik ez galtzeko: Ezberdinak gara eta elkarrekin hazi gaitezke.
Umetasuna parametro, Herrigunerentzat, ezberdintasunaren begi-bistakotasuna da: elkar onartzeko beharra eta elkarrekiko mendekotasuna. Polikiroldegian dutxako botoia metro bateko altueran egonez gero denok erabili dezakegula jakitea; bi metroko altuera duen edukiontzi bat 1,40 metrotik gora duten pertsona indartsu samarrek bakarrik ireki dezaketela ohartzea; asetu beharreko oinarrizko beharrizan komunak ditugula jabetzea; kudeatzaile politikoak eta udal teknikariak komunitatearen hazkuntzarako laguntzaileak direla onartzea; haurrak egiten badakiela eta gainera ahal eta behar duela aitortzea; ikasteko eta partekatzeko adinarik ez dagoela ulertzea… Ezberdintasuna bizitzea nor bere buruarekin topo egitea baita; naizena izateko ardura eta askatasuna hartu, eta hortik “bestearekin” harremanetan jartzea.
Jolasa ikasteko eredu fisiologiko unibertsala dela adieraztea, Solasgunerentzat, hezkuntzarako baldintza inklusiboak bermatuko dituen abiapuntua da. Aniztasunerako ikasketa. Jolasean, haztea pertsonaren barne-egitasmoa eta ingurunearen arteko elkarreraginean gertatzen da. Jolasean, egitekoa ikertzeko eta lanaz gozatzeko aukera da. Jolasean, aukeratze-askatasunak eta ikuskizunik-ezak ekintza bera gozagarri bilakatzen dute; kanpo eredu edo egitasmorik gabe, ezberdintasunean, elkarlaguntzan eta bategitean; desioen, beharrizanen eta gaitasunen arteko oreka puntuan.
El Juego como mecanismo fisiológico de aprendizaje es, para Solasgune, el punto de partida que asegura condiciones educativas inclusivas -para cualquier persona-; el aprendizaje que sirve a la diversidad; allí donde el crecimiento es una interacción autónoma entre el plan interno de la persona y su entorno; donde la tarea es una oportunidad para investigar y disfrutar del trabajo, donde la libertad de elección y la ausencia de espectáculo hacen de la acción algo riguroso y placentero; sin modelos o planes externos, desde la diferencia, la compañía y la confluencia; en el equilibrio de los deseos, las necesidades y las capacidades.
Finean, bi erabaki hauek definitzen dute Herriguneren nolakotasuna. Nolakotasun honek lanerako testuingurua ezartzen du, baldintzak bermatuz, baina edukietan askatasuna eskainiz.
Jende aniztasuna, edukien aniztasuna.
Testuinguru honetan edukiak ez dira hain garrantzizko. Azken urteotan eremu askotariko ekintzak garatu ditugu: gobernantza, hirigintza, ezagutza irekia, zientzia, iraunkortasuna, elkarbizitza edota kalearen okupazioa. Ekintza horietan parte hartu dute: haur eta nagusiek, gazte eta merkatariek, ikastetxeek eta unibertsitateak, Behargintzak eta EISEk, teknikari eta politikariek, elkarteek… e.a.
Ekintza edo proiektu horietako batzuk:
– Oinezkoen Pausura Herritarren Ibilaldia.
Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astea ospatzeko oinezko ibilaldi bat proposatu genuenean zera pentsatu genuen: Nola egingo dugu gure proposamenak haur eta adindunak aintzat har ditzan? Nola egingo dugu ibilbideak, oinez ibiltzearen alde osasuntsua aldarrikatzeaz gain, auzokideen arteko harremanak sustatzeko balio dezan? Nola egin guztien ongian eragin dezan?
Eta hala, Oinezkoen Pausura Ibilaldia diseinatu genuen, edozeinek egiteko moduko ibilbideekin, pertsona bakoitza autonomia edo bizitasun ezberdinarekin, beti ere elkar laguntzearen garrantzia gogoratuz. Ibilbide hauek hiri-espazio ezberdinetan zehar eta udalerriaren natur baliabideetan zehar paseatzeko aukera ematen digute gaur egun ere.
Oinezkoen Pausura paseo bat egitea aukeratu genuen Araututako Martxa baten aldean, elkarrizketa eta topaketa sustatzeko.
Atsedengune bat ezarri genuen jendeak elkar aurkitzeko eta Merkatarien Elkarteak urtero oparitzen duen frutaz gozatzeko; mokadu osasuntsua.
Pertsona eta elkarteak gonbidatzen ditugu jardueraren kudeaketan parte hartzera.
Bestalde, ibilaldian parte hartzen dutenak hirigintzako hobekuntzak behatu eta iradokitzera gonbidatzen ditugu. Urtero txartel batzuk banatu eta bertan partehartzaileek iritziak, galderak, aldaketa edo hobekuntza eskariak, ingurunearen aspektu positiboak edo hobetu litezkeenak… idazten dituzte. Zinegotziek gutunontzi batzuk daramatzate iritzi hauek jasotzeko (eta bide batez udal-ordezkari gisa hiritarrekin bat egiteko identifikazio seinale moduan).
Urtero-urtero aurreko aurteko iradokizunen erantzunak publiko egiten dira: zenbait eskari ezin asetu izanaren zergatiak, egindako aldaketak edota bideratzen ari diren proposamenak.
Aurten bederatzigarrena ospatzera goaz.
– Beste esperientzia bat, garatzen bi urte daroaguna, IRAKALE da: Hiria ikasketa espazio gisan.
Hiritarrei komunitatea ingurune hezitzailea dela gogorarazteko asmoz, kalean bertan ikasketa espazioak eraikitzen ditugu. Eta Leioaztarren Ezagutzen Sarean (LES) jasotzen ditugun haur, gazte eta helduen ezagutza eta ikasteko gura ezberdinen gainean egiten dugu.
Oso eduki anitzetako espazioak dira, gutako bakoitzak ikasteko eta irakasteko gauzak dauzkagula gogorarazten digutenak. Besteak beste, honako gaiei buruzko ezagutzak partekatu ditugu orain artean: hezkuntza berrikuntza, bioaniztasuna, argazkigintza, zientzia, esku-lanak, ekintzailetza, sukaldaritza, diseinua, bidaiak, irratigintza askea, amatasuna…
Eta gure erara egin dugu: begien bistan, pertsonen benetazko desio eta beharrizanetatik abiatuta, interes komunen inguruan sareak eraikiz, parte hartzen duten pertsonak prozesuaz jabetzen direla…
Euskal Ohiturak Leioan Irakalea, adibide bat:
Leioaztarren Ezagutzen Sarean euskal ohiturei lotutako jakintzen inguruko hiru eskari edo eskaintza jaso genituen. Euskal Ohiturak Leioan Irakalea martxan jartzea erabaki genuenean, eman genuen lehendabiziko urratsa hiru pertsona horiek biltzea izan zen.
Haiekin batera, kalean burutu beharreko jardueren egutegi bat diseinatu eta egin genuen: 2012ko abenduan zehar jakintzak partekatzeko espazio irekiak egon ziren Leioako kale eta plazatan: musika, istorioak, kirolak, jantziak, jakiak, kanta eta dantza tradizionalak…
Espazio eta harreman hauen fruitu, Irakale honen azken ekintza moduan CrowdLearning esperientzia bat burutzeko ideia sortu zen: elkarrekin ikasten duen jendetza. Alegia, egun batean elkartzea ikasitakoa elkarrekin ospatzera eta plaza batetan kantatu eta dantzatzera.
Lehen fase horretan parte hartu zuten pertsona eta elkartek osaturiko talde eragileak zenbait bideo tutorial egitea erabaki zuen, denok Lantzeko ihauterietako dantza dantzatzen eta 20 bat kanta kantatzen ikasi ahal izan genitzan. Tutorial hauek YouTuben eskegi ziren, eta horrez gain zenbait probasaio deialdi ireki egin ziren taldeka ikasi nahi zutenentzat.
Abenduaren 23an ospatu genuen lehen crowdlearning hau, Euskal Ohiturak Leioan Irakalea bukatzeko (Vimeo-n ikusgai dago). Irakale honetan, dakitena partekatuz edo taldean ikasiz, honakoek parte hartu zuten besteak beste: ikastetxeetako eta unibertsitateko pertsonak, Musika eskolako Doniene abesbatzak, Elexaldeko Nagusien Etxeko abesbatzak, Gurasolagunek, KulturLeioako joskintza tailerreko lagunak, Gure Ohiturak dantza taldeak, Udondoko Txikiteroek, txalapartariek, trikitilariek, dantzariek, Leioako zinegotzi guztiek… eta beste hainbat leioaztarrek.
Bukatuz.
Leioako herrian pertsona zehatzak bizi dira, eta denak dira ezberdinak. Haien batuketak ere komunitate paregabea osatzen du (beste edozein bezain paregabea, alegia), bere galdera eta erantzun propioak bilatu behar dituena. Elkarrekin, barne-egitasmo hori osatzen ari gara, zer egin, energiak zertan xahutu, Herriguneren aro bakoitzean zein gaitan edo lan arlotan jardun aginduko diguna.
Gaur egun Herriguneren ekintzek helburu hauei jarraitzen diete:
0.- Elkar aurkitu. Herriguneren sarea hedatu geroz eta leioaztar gehiago izan gaitezen Ikas Komunitate eta Hezkuntza Ingurune horren partaide. Bizipenerako eta partehartzeko baldintzak jarri -inolako bereizketarik ezarri gabe-.
1.- Espazio Komunitarioa Ikas-Ingurune gisan bultzatu eta eskatu. Komunitatea ikasteko ingurune natural eta potentziala deneko ideia hedatu eta landu. Gure komunitateak berezko dituen ikas-baldintzak identifikatu eta indartu.
2.- Ikasketa kaleetara eta espazio komunetara atera. Espazio publikoa espazio komun bezala taxutzea. Hezkuntzaren ardura beste agente arduradunekin -familia, eskola, ikastetxeak- partekatu eta leioaztarrak baliabide eta baldintzez hornitu, euren ikasketa prozesuen ardura har dezaten.
3.- Ikasketa Arautuko esperientziak Aberastu eta Orekatu. Gizarte eskolatutik Ikas Komunitatera: gure espazio komunetan baldintza beharrezkoak berreraiki ikasketa fisiologikoaren bizipenarekin eskolako esperientziak aberasteko. Esperientzia hauei lehentasuna eman, arautuekin elkarlanean.
4.- Jakintza Komunitarioa Guztien Ongi bezala berreskuratu. Pertsonen ezagutzak (emozionala, esperientziala, praktikoa, teorikoa, zientifikoa, poetikoa…) Prokomun bezala. Hiritarrak ikasle eta maisu; ikasketa etengabea; hiritargo ikaslea; jakintza-prosumitzaileak…
Eta horiekin batera aldatzeko aukera ere onartzen dugu.