Select Page

LAN PARAMETROAK

Beheko hauek dira gure lan ardatzak: solasguneren barneko munduarekiko begirada eta egon eta egiteko moduaren oinarrizkoak.

Egoera eta egitasmo berri bakoitzari aurre egiterakoan komunitate bakoitzaren behar bereziak gehitzen zaizkie ardatz hauei; aldaketa egitera bultzatzen dituenak edo aldaketarako aitzaki gisara erabiliko direnak. Kasu batzuetan ospakizun bat da, bestetan jende berria sartzea, antolakuntza egituraren aldaketak egin beharra edo kudeaketa eta erabaki organoetan eraldaketak egiteko nahia… Bide bakoitzak bere pausuak markatuko ditu.

Jolasa eta Ikaskuntza

Jolasa pertsonen beharrizan, ahalmen eta desioak errespetatzen dituen ikaste-esperientzia da, baita komunitateak eta gizabanakoak elkar indartzen duten lekua ere.

Jolaserako baldintza egoki eta berezkoak ematen direnean –aurrezarritako programarik  eza, eredu bakarrik eza, pertsona bakoitzaren erritmo ezberdinak onartzearekin batera– prozesu komunitario bat abian jartzen da; prozesu hau esperientzia, harreman eta ezagutza aniztasunarekin aberasten da, eta halaber pertsonen beharrizanak asetzen dira.

Bizitzea jolastea da eta jolastea bizitzea; entxufe bat konpontzea, seme-alaba bat izatea edo bizikletan ibiltzea.

 

Komunitatea

Ikasleku naturala da komunitatea.

Gaurko gizarteek euren komunitate izaera galdu dute pertsonen ikasbideak -eta bereziki taldekakoak- laguntzeko gaitasuna galdu duten heinean. Hori dela eta, gaur egun komunitate izena ematen diegu interes “orokor samarrak” asetzeko elkartzen diren pertsona taldeei.

Gustoko dugu gure herri, erakunde eta antolabideak birdefinitu ditzakegula pentsatzea, harremanerako eta elkar-ikasteko espazio osasungarriak berreskuratuz. Jakin badakigu beren burua asmatzeko gai diren herriak eraiki ditzakegula, komunitate eta giza-hazkunderako espazio izango direnak.

Auzokoa tortilarik onena egiten duen hura da, edo landareei buruz asko dakien hura; Ikas-Komunitatea osatzen dutenak.

 

 Autonomia eta Partehartzea

Jolas eta Ikaste baldintzen baitan partehartzea da taldeen aniztasuna ziurtatzen duen mekanismoa; komunitate egitasmoaren barruan, hor datza “bestearekin” batera kokatzen dugun muga, gure behar, desio eta ideiak partekatuz. Honetaz ari gara:

– hiritarrei –haur eta gazteei batez ere– buruak irekitzeko eta saltsan sartzeko gaitasuna ematea, baliabide eta egiturak eskainiz.

– kudeaketa prozesuak aldatzea, arduradun politikoen konpromezuarekin, pertsonok dagokigun boterea, askatasuna eta ardura gure egin ditzagun.

– jolasa helduontzat berreskuratzea eta erantzukizuna haurrentzat… eta alderantziz!

Egiturak erraztea guztiok parte hartu ahal izateko.

 

Umetasuna

Gaurko gizarte antolakuntzak haurra eta komunitatea elkarrengandik banatzera jotzen du, gure ikasteko eta erakusteko gaitasunak murriztuz eta gure harremanetan eta bizitza-esperientziatan gabezia larriak sortaraziz.

Haurrak komunitatearekin berrelkartzeak eta ezagutzaren boterea birbanatzeak, dagokigun “umetasun” hori denontzako berreskuratzea ekarriko luke; hala, amankomunean dugun horretatik, Ikaste-Komunitateak eraikitzeko parametroak sor genitzazke.

dutxako botoia bere altueran badago, guztion altueran egongo da.