Paper zuri baten aurrean paratu eta “margotu, nahi duzuna margotu” esaten dizutenean, ohiko erreakzioa -batez ere adina batetik aurrera- “ez dakit” izaten da. Beldur txikihandi bat… Nahi dudana???
HerriguneLeioa kalera ateratzen da Ezagutza Emaleak topatzera: dakiten hori partekatzera animatzen diren pertsonak, ezagutzen duten hori, egiten dakiten hori… Eta berdin dio dakiten hori zer den. Herrigunerentzat garrantzitsuena konfidantza berreskuratzea baita (nik jakin badakit, baditut partekatzeko moduko gauzak, baliotsu naiz, ezberdina, beste edozein bezain gai), eta partekatzeko moduak praktikan jartzea tratu onean, errespetuan, aditzean, onartzean… Etorriko dira nirekin ikastera pertsona nagusiak eta ttikiak ere bai, eta lengoaia guztiek ez dutela berdin balio ikasiko dut. Ikasteko grina bizia dutenak etorrriko dira, baita ia nahi gabe agertu direnak ere, eta euren arrazoi ezberdinak onartzen ikasiko dut. Etorriko dira aurretik zerbait dakiten pertsonak eta baita ezertxo ere ez dakitenak ere, eta bien galderak erantzuten eta erritmo ezberdinak jarraitzen ikasiko dut.
Jakintza emale hauek ostegunero ospatzen den Ekintza Tailerrera etortzen dira, edo larunbat batetako Ezagutzen Azoka batetara, edo asteazken batetan kalera atera garenean “Zer ikasi nahi zenuke? Dakizunetik zer partekatu nahi zenuke?” herritarrei galdetzera. Galdera oinarrizko hauen aurrean gutako gehienok paper zuriaren aurrean bezala erreakzionatzen dugu: “nik? ezer ez” edo “nik? idearik ere ez”. Grina berreskuratu beharra dugu, baita norberaren gaitasunen kontzientzia ere.
Harreman eta elkarlan baldintzak hobetzen kezkatuta gaudenok, parte hartzeaz eta talde lanaz arduratzen garenok, ez dugu ahaztu behar ez dagoela espazio komunean egoterik ez baldin bada norbere lekutik, norberagandik.
LES Biltzarretan topatu ginen duela gutxi, eta plazer handia izan zen berriro ere gogoratzea -beti bezala- pertsonok, ziur sentitzen garenean eta izateko lekua daukagunean, ongi baino hobeto zaintzen dugula elkar.